Orain dela 10 urte, CodeSyntax enpresak Blogak.com sortu zuen, blogak sortzeko plataforma euskalduna. Proiektu aitzindaria izan zen (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuena hasieratik) euskaldunei aukera ematen zielako blogak sortzeko, modu erraz eta automatikoan.
Proiektuaren hastapenetan, CodeSyntaxeko arduradunak jabetu ziren orduan ez zegoela blog pertsonalak modu automatikoan eta doan sortzeko aukerarik euskaraz (apur bat lehenago sortu zen blogari.net, tankerako proiektua).
Hamar urte hauetan plataformak (hemendik aurrera blogak.eus domeinuan) Interneten euskarazko edukien edukien kopurua handitzen lagundu du, 3.000 blog eta ia 50.000 publikatutako artikulurekin, kontuan hartu gabe hauek sare sozialetan eragin dituzten milaka sarrera eta elkarrizketak. Hain zuzen ere, audientzia datu esanguratsuak ditu: 700 erabiltzaile dabiltza egunero, urtean milioi bat ikusitako orrirekin.
Blog komunitatearen hamargarren urteurrenaren aitzakian, CodeSyntaxeko lan-taldeak, domeinu euskaldunera aldatzeaz gain, goitik behera berregin du plataforma, azpiegitura teknikoa (software librearekin CodeSyntax berak garatua) zein diseinua berrituz, hori bai, euskal blogariek ondo ezagutzen duten marka-irudia mantenduz.
“Blogak.eus erabiltzeko arinagoa eta azkarragoa da, duda barik”, azaldu du proiektuaren arduradunak, CodeSyntaxeko Asier Sarasuak. Bere iritziz, diseinu bisual eta modernoagoa izateaz gain, plataforma berria guztiz egokitua dago edozein gailutan erabiltzeko, batez ere mugikorretan, kontuan izanik hartzen ari diren garrantzia. Bestalde, funtzionalitate berriak gehituko dizkiote plataformari, edota beste hizkuntza batzuetara eramango dute plataforma zein euren esperientzia.
“Blogak.eus berritu eta berrizendatu dugu, baina duela hamar urteko helburu eta asmo berarekin darraigu: euskal blogariei erabiltzeko erraza den plataforma bat eskaini nahi diegu, doan, samur eta euskaraz”, nabarmentzen du Asier Sarasuak.
Comentarios cerrados.